XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Indiana Jones bezala sentitzen nintzen, inoiz baino erabakitsu eta ausartago. Nahiz eta, aldi berean, barne-zimikoak ere izan ditudan.

Nolabait zuritu beharra neukan egunero hain berandu etxera iristea eta ziri bat baino gehiago sartu behar izan dut.

Txarrena da aste gutxitan aita inolako eskrupulurik gabe engainatzeko odol hotza izan dudala egiaztatzea.

Dirudienez, haste kontua da eta gero ez dago geldiaraziko zaituenik. Nolabait esateko, horrek bai kezkatzen nauela.

Eta gezurrak esatera ohitzen banaiz eta gero gelditu ezin banaiz? Danielek esaten dit behin eta berriz ez kezkatzeko hainbeste.

Helburuak garrantzi txikiko gezur guztiak zuritzen dituela.

Beste arazo bat lekuarena da: nire gela kaxaz gainezka dago kirkir, kakarraldo, sugandila, har... eta abarrez.

Jaki-hondarrak daude apaletan: azukre-koskorrak, sagarra, tipula, tomatea... Eromena!

Aita nazka-nazka eginda dago.

Erabaki dugu hobeki antolatu beharra daukagula. Nik, normalean, bete egiten ditut egindako itunak, baina orain jo eta pasa egiten ditut.

Bestalde, uste dut harritu egiten duela animali erreinuarekiko nire zaletasuna ikusteak. Etengabe begira daukat eta edozein aukeraz baliatzen da hainbesteko desordenua aurpegiratzeko.